Polita izan zen Fermin Muguruzaren film hau ikusteko parada edukitzea, Bilboko CineClub Fas-eko eserlekuetan erdi etzanda pelikula ikusi, Muguruzaren mahai ingurua entzun eta azkenik 'Zuloak' taldeko kontzertu akustikoaz gozatu ahal izan genuen. Zoragarria da hiri batek oraindik kulturarako bazterrak edukitzea.
Lehenik eta behin film honen genero berezia aipatu beharrean nago, 'Mockumentary'a ez da egunero filmek janzten duten trajea. Touché. Onartzen dut, ni guztiz engainatu ninduen. Amaieraraino sinistu nuen Arrate Rodiguezek Fermin Muguruzari bidalitako irudi pusken loturari esker egindako dokumental erreala ikusten ari nintzela. Chapó.
Istorioari begira ere, erakargarria, neskez osatutako musika talde baten eraketa; ta ohiko jaleoak bitartean: bronkak antolatzailearekin, etsi egiten duen abeslaria, protagonismo gehiegi duen partaidea, haurdunaldiak eta guzti! Gaia, berriz, hainbat: emakumearen autodeterminazio eta independentzia, euskal musikaren egoera, feminismoa... Tipikoak ere? agian. Baina filmak badu zeozer, tipikotasunean erortzetik salbatzen duena: naturaltasuna.
Honi esker Euskal Herrian, euskal musikan eta emakumeen munduan dantzan dirauten ardurak, arazoak, estereotipoak... topikoak azken finean, ulergarri bihurtzen dira, naturalak.
Elkarrizketetan dago, nire ustez, gakoa. Kamara baten aurrean lau lagun jarri ta hitz egiten utzi. Horrelakoak dirudite pelikularen gidoipeko elkarrizketak. Naturaltasuna, jaun-andreok, ta konturatu orduko filmaren barruan egongo da jada gure burua.
Muguruzak esan zuen kontzertu rockero batek transmititzen zuen grina sentiarazi nahi zuela, bere asmoa jendea jarrera basati eta gogotsuarekin zinematik ateratzea zen. Nigan, behintzat, lortu egin zuen. Kultura, euskal musika eta emakumearen rola aldatu, bultzatu eta iraultzea posiblea delako ideia posiblea zen atzo Bilboko CineClub Fas gelan, bai horixe!
Ez naiz Muguruzaren fan porrokatua, berez, bere burua gehiegitxo maite duten horietarikoa delako susmoa izan nuen. Baina onartu beharra dago ondo egiten duela lan eta 'Zuloak' proiektu bikaina dela. Eta honen ondoren fikziozko taldeak sortutako fenomenoa ere, ez dauka parekorik.
Epaiketaren emaitza: guztiz gomendagarria.

No hay comentarios:
Publicar un comentario